Idazten hastea ere kosta egin zait. Barrena askatzeko inoiz baino behar handiagoa dut, baina ez dakit nondik hasi , ez dakit hitzak nola bota, sentimenduak nola adierazi.. eta oihu egiteak ere ez dit laguntzen.. Ez duzu ilusioak egiterik nahi.. Ados. Ilusioak ez ditut ordea nik egiten, hor daude aspalditik, hor diraute ametsa partekatzen hasi ginenetik eta hor jarraituko dute, nik ez ditut hautsiko.. hautsi behar ez ziren gauza gehiegi hautsi dira dagoeneko.. Nire akatsa zein izan ote den galdetzen diot nire buruari, baina ez dut topatzen.. Zure akatsak zein izan ote diren galdetzen jartzen naiz orduan, nire sentimenduen aurka badoa ere, errudun bat topatze aldera, ez baita posible.. Baina ez, ez bat ez bestea ez gara errudunak..
Bizitza jada, nahiko gogorra ba omen da.. Bera izango da akaso erruduna, bidali dizkiogun irrifarretatik, azkenaldian, gutxi batzuk besterik ez baitizkigu itzuli.. Eta ez dakit nora begira edo nora oihukatuz, baina mesedez eskatzen diot, irrifar horiek itzultzeko, badela garaia..
Hor dago agian gakoa.. Ez gara errudunak, konplizeak baizik.. Ametsa kosta ala kosta jarraitzeko asmoa azaldu genuen, elkarri askatuko ez ginela zin egin genion eta elkarrekin etorkizun bat itxuratzen joan ginen.. Baina bizitzaren konplize izateak prezio bat du, eta hori izan da gurea, ..
Ez dakit amore ematearen esanahia, eta egunean zehar ematen dudan pausu bakoitzean bihotza pixkat bat gehiago uzkurtu eta negarrak jota hankak dardar egin eta ia erortze aldera egiten badut ere, malko horiek konplizetasun guztia kanporatzen dute.. Ez naiz bizitzaren konplize eta ez naiz izango.. Behin hitz eman nizun ez nuela zure eskua askatuko eta bere horretan jarraituko dut, zuk nirea askatzen baduzu ere, nahi duzunean itzuli eta bertan izango duzula jakin dezazun zalantzarik gabe.. zurekin soilik naiz.. Izan ere, zure muxu bakoitzean, zerua da gugandik hiru metro beherantz dagoena..
Aurrera, ilargirantz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario