Udazkena

viernes, 14 de diciembre de 2012

Abenduaren 14a.

Jada ohikoa bihurtu da "nire egunak 28 ordu beharko lituzke izan" aipua.. bai, nola ez, nireak ere hala beharko luke, azken batean, batetik bestera joatearekin iruditzen baitzait eguna segituan amaitzen dela, hasi bezain laster eguzkia izkutatu eta egunari amaiera ematen baitio. Baina.. gaurko eguna besteak baino luzeagoa izan da, edota irudipenak errealitatearen tokia hartu eta nolabait, ordulariaren orratzak behin eta berriro atzeratu ditu. Gaur goizean esnatu, gosaldu eta nire buruari atzoko gaua ahaztu eta gaurko eguna ona izango zela zin egin badiot ere, ez, ez du funtzionatu. Ordulariari begiratu eta orratzak mugimenduan ari baziren ere, nire barreneko ordularia geratu egin da. Une berean, berebiziko tsunamia sortu zait barrenean eta eskerrak, hortzak gogor estutzeak balio izan du olatu handi haiek begietatik atera ez zitezen. Eguna luzea izan da, bai, benetan luzea, eta barrena hustutzeko hitz hauek ordenean jartzeko gai izan banaiz ere, orain nire barrena da ordenean jarri behar dudana.

Bai, gaur 55 urte betetzen dituzu aita, eta eskerrak ematen dizkizut zure alaitasun eta umoreari esker tsunami hori baretu, nire arazoez ahaztu eta zure eguna merezi duzun bezala ospatzen lagundu izanagatik. Zorionak Aita!



No hay comentarios:

Publicar un comentario